2012/02/28

Proiektuak didaktikaren mesedera

Honez gero 3. astea da ikas komunitateen proiektuarekin ari garela. Hutsuneak ageri direla ere antzematen dut, hainbat jarduera gehiago lotu beharrean aurkitzen naiz. Atzo klasean egon ziren zalantzen aurrean pentsatzen pasa nuen etxera bidea, eta gero ere etxean bueltak ematen hasi nintzen. Curriculumaren lanketarako eta horren interpretazioa ulertzeko funtsezko dokumentu bat behar da: Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua alegia. Gauza bat da dekretuan curriculumaren osagai nuklearren inguruko oinarrizko informazioa topatzea, baina gero horiek nola gauzatzen diren eta eskola baten ildoak nondik nora doazen IHPk adierazten du. Irakasleen artean material hori biltzen saiatu behar naiz, hurrengo urteari begira, proiektuarekin jarraitzeko asmoa badut, dokumentu honek, gaiaren inguruan ekar ditzakeen onurak lana erraztuko dute. Bide batez, proiektuko azken xedea aldatu beharko litzatekeela uste dut; hurrengo gaiarekin, hau da, programazioarekin lotu ezkero, bestelako produkzio bat egingo lukete ikasleek eta curriculumaren zentzua hobeto barneratuko zuten.

Ildo horretatik, moduluan egiten dugun lan modularra proiektuaren barruan sartzeaz ari naiz hitz egiten... Nire intentzioen artean, hurrengo urteko didaktikaren irakasgaia proiektu bidez lantzea izango bada, lan modularra ondo lotu eta lehen asteetan lantzen dugun kontzeptuen azterketa nola bideratu pentsatzen hasi beharko naiz. Agian, hasierako jarduera horiei beste zentzu bat eman beharko nioke, edo beharbada murriztu eta benetan funtsezkoak direnak bakarrik landu, didaktikaren zentzua esaterako. Zentzu honetan ikasleen rola beste batean bihurtu beharko litzatekeela uste dut, motibatuago sentitzeko beste aukera batzuk eskaini beharko nizkien eta berriro ere irakasgaiaren zentzua zein izango den zehaztea.

Bigarren urte honetan gauza askotaz konturatzen ari naiz, ikasleen erreakzioak hobeto interpretatzen ditudan einean, zer funtzionatzen duen eta zer ez behatzen dut. Bide batez, ikasleei blog bat idazteko proposamena eginez, hainbat gauzataz ere ohartzeko aukera izango dut. Horiek, funtsezko tresnak bihurtuko dira hurrengo urteari begira. Orekaren bila nabil etengabe eta badakit zein den hori topatzeko bidea: ESPERIENTZIA DESBERDINAK martxan jarri eta horiek ebaluatzea. Ideiak etengabe datoz, nola hobetu hau eta bestea....baldintza bat behar dut: DENBORA.  


No hay comentarios:

Publicar un comentario